Quantcast
Channel: Karrajua - historia
Viewing all articles
Browse latest Browse all 6

Juan Jose Zearreta hil da

$
0
0

Ricardo Gomezek eman digu albiste latzaren berri, eta Euskaltzaindiaren oharrera bideratu: Juan Jose Zearreta euskaltzain urgazlea hil da gaur egurdian auto-istripuz.

Euskaltzain urgazlea izan eta erakundearen kudeaketa lanetan ziharduen gaur egun, baina Zearretaren bizitzak eta lanak lotura handia izan du helduen euskalduntze-alfabetatzearekin, Euskaltzaindiaren oharra irakurri besterik ez dago:

Juan Jose Zearreta Urigoitialdekozea Zornotzan jaio zen, 1947ko ekainaren 10ean. 60ko hamarkadaren amaieran hasi zen euskalduntze eta alfabetatze kanpainetan parte hartzen. Hala, 1968-69 ikasturtean Deustuko San Felicisimon euskarazko eskolak sortu ziren, Zearreta talde horretako partaide izan zelarik.

1970ean Lehen Urratsak liburuaren prestaketan jardun zuen, besteak beste, Patxi Elgezabal eta Ricardo Badiolarekin.

Urte horietan lanean zebilen Bizkaiko alfabetatze batzordeko kide izan zen. 1975-76an, herrialde guztietako batzordeak batu eta Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea (AEK) sortu zenean, bera izan zen sortzaileetariko bat, idazkari lanak ere bete zituelarik.

1973an hasi zen lanean Euskaltzaindian, Ekonomia arloan, Jose Luis Lizundia orduko idazkariordearen lankiderik hurbilena izan zelarik. 1975eko ekainaren 27an euskaltzain urgazle izendatu zuten.

2003an  Euskaltzaindiaren kudeatzaile izendatu zuen Akademiak.

Euskalduntze prozesuarekin loturik beti ere, hainbat lan argitaratu zituen, elkarlanean:

  • Euskalduntzen (3 liburuki), 1972
  • Alfabetatzen (1975)
  • Euskara: Hizkuntza Ariketak (1976)
  • Euskal Hiztegi Modernoa (1977)
  • Sortzen - I (1978)
  • Hiztegia 80 (1980)

Bilbon euskara eskolak antolatu, ikasmaterial historikoen egile (Lehen Urratsak, Euskalduntzen, Alfabetatzen...) eta AEKren sortzaile. Ez da aipatu gabe uzteko moduko ibilbidea, baina aspaldian beste lanetan hasita, seguraski gaur egun askori ez zaie ezaguna egingo Zearretaren izena.

Ni neu behin suertatu nintzen berarekin. Duela hainbat urte, irakasle lanetan ia hasi berritan, ikasle talde batekin Euskaltzaindia bisitatzera joan nintzen. Plaza Barrian egoitza jarri baino urte batzuk lehenago izan zen, orduan Diputazioaren inguruko kale batean (ez dut orain zeinetan gogoratzen) pisu txiki batean zeukan Euskaltzaindiak Bilboko egoitza.

Ez zen hura gaurko etxe dotorea, ez. Dokumentuak eta altzariak ahal zen moduan apailatuta ziharduten han. Hantxe hartu gintuen Zearretak, eta Euskaltzaindia zer eta zertan zen eta han zegoena erakutsi eta azaldu zigun. Gogoan dut oraindino han zeukaten bilera-gelako horman egon zen organigrama moduko bat: Euskaltzainburua, euskaltzainak, sailak, eta han  behean adartxo bat: AEK.

Ikasleak apur bat harrituta geratu ziren egia esanda, baita neu ere. Eguneratu barik zegoen organigrama hura, urteak ziren AEK Euskaltzaindiaren babesetik irten zela, eta, esango nuke orduko hartan erakunde bien artean harreman handirik ez zegoela. Hala ere, Zearretak organigrama hartaz baliatuta historia kontatu zigun: gau-eskolak, alfabetatze batzordea, koordinakundea...

Helduen euskalduntze-alfabetatzeak gorabehera handiak izan ditu, ordura arte ordutik aurrera: bereizketak, hausturak, pertsonak... Eta organigrama hartako AEK eta nik gaur egun lan egiten dudan lekua urrun daude duda barik. Baina urrun egon arren, lotura asko egon dira bitartean, pertsona eta esperientzia asko. Eta memoria historikoaz hainbeste jarduten den sasoi honetan, gogoratu dezagun geurean ere historia dagoela, nonbaitetik gatozela eta esperientzia ugari ditugula atzetik, gerora begira atzean utzi ezin direnak.

Bego beraz geure gogoan Juanjo Zearreta, bera eta bere lana. Kasualitate latz horietako batean auto-istripuan joan zaigu, helduen euskalduntzearen historian giltzarria izan zen Rikardo Arregi bezala.

Doluminak senideei, lagunei eta lankideei.

Argazkia: Euskaltzaindia


Viewing all articles
Browse latest Browse all 6

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik